2022/6/15
Osasun-krisiaren ondoren, Getxo Jazzek normaltasuna berreskuratuko du 45. edizioan, nazioarteko artistak itzuliko baitira. Ekainaren 29tik uztailaren 3ra bitartean, jaialdiak berriro zabalduko du Euskadiko jazz zirkuitua, Melissa Aldana saxofoi jotzailea, Cyrille Aimée abeslaria, Fred Hersch piano-jotzailea eta Ron Carter kontrabaxu jotzaile enblematikoa protagonista dituen egitarauaren eskutik. Ordainezko kontzertuei Talde Lehiaketako banda gazteen emanaldiak, ‘Hirugarren milurtekoa’ atala eta familientzako kontzertuak gehituko zaizkie.
Getxo Jazza aurkezteko gaur egin den prentsaurrekoan Amaia Agirre Getxoko alkateak nabarmendu duenez, aurtengo Getxo Jazzaldiaren eskaintzak "maisutasuna eta gaztetasuna uztartzen ditu", eta pandemiaren amaierarekin, "jaialdia normaltasunera itzuliko da nazioarteko artisten emanaldiak berreskuratzeko". Bestalde, Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroletako foru diputatuak azpimarratu duenez Getxok "nazioarteko jazzaren onena biltzen duela", eta horrelako ekitaldiek "musikarekiko eta kulturarekiko interesa sortzen dutela".